BIOGRAFIA

Iñaki Alberdi-Acordionista

Iñaki Alberdiri buruz honakoa esan du Sofia Gubaidulinak: talentua du, eta gorputz eta arimaz aritzen da, musikaren artista gisa. Formaren sakontasunaz duen ulermena harrigarria da, eta horrek guztiak, haren izaerari lotuta, arrasto sakon eta izugarria utzi du nigan.

Hainbat musikagileren lanak estreinatu ditu, hala nola, Sofia Gubaidulina, Karlheinz Stockhausen, Luis de Pablo, Joan Guinjoan, Gabriel Erkoreka, Ramon Lazkano, Jesús Torres, Alberto Posadas eta José María Sánchez-Verdúrenak.

2012an Gramophon Editor’s Choice Award saria irabazteko hautatu zuten Sofia Gubaidulinari buruzko disko monografikoagatik, eta garrantzizko diskoetxeekin grabatu du.

Hainbat kontzertu aretotan eta jaialditan jardun du, besteak beste, Teatro la Fenicen, Vienako Musikvereinen, Madrilgo Auditorio Nazionalean, Donostiako Musika Hamabostaldian, Duke Hallen (Londres), San Petersburgoko Filarmonikoan, Granadako Musika eta Dantza Jaialdian, Veneziako Bienalean, Bartzelonako Auditoriumean eta Buenos Airesko Colón Antzokian, Espainia eta Europako orkestra nagusiekin batera.